Zuhaitzen artean haizea dabil
Maddi Oihenartek eta Juantxo Zeberiok hainbat idazleren poemak kantu bihurtu dituzte 'Baldi' diskoan
Irune Berro.
BilboJuantxo Zeberio eta hark gidaturiko musikariak zuhaitzak balira, haizea litzateke Maddi Oihenart, zuhaitzen artetik igarotzen dena, mehe batzuetan eta sendo besteetan, Baldi disko berrian (No-CD Records) sumatzen denez. «Maddik a cappella abestu izan du orain arte gehienbat; Zuberoako abeslariek horrela sentitzen dute kantua: ez dute beste ezer behar kantatzeko», azaldu du Zeberiok.
Alde horretatik, alde handirik ez dago kantariak argitara eman zuen azken diskotik, Hari biru-tik (Elkar, 2007), Baldi-ra . «Baina badago bilakaera bat, ibilbide bat. A cappella-ko abeslaria izanagatik, badago aldaketa bat, ez baita gauza berbera talde batekin abestea».
Oihenarti «beti modu berberean» kantatzen duela iruditzen zaio, eta horrela segituko duela. «Beraiek ikasi dute nirekin ibiltzen, erritmoekin gaizki ibiltzen naiz, eta beraiek hurbil-hurbil izan behar dute beti ni segitzeko». Horregatik uste du Zeberiok Oihenart haizea lakoa dela. «Topikoa eman dezake, baina hala da, eta gu bidean dauden zuhaitzak gara».
Zeberiok pianoa jo du, ohikoa duenez. Txema Garcesek (kontrabaxua) eta Pello Ramirezek (txeloa eta soinua) osatu dute lauko taldea.
Zeberiorentzat «erronka handia» izan da Oihenarten urratsak segitzea eta, era berean, bide berriak irekitzea. «Maddi bakarrik asko da, eta zerbait sartzen baduzu, izorratzeko izan daiteke, janzteko baino gehiago. Orduan, zer egin Maddik Maddi izaten jarraitzeko eta aldi berean beste kolore batzuk eta beste erritmika batzuk sartzeko? Horra hor gure lana».
Laboaren 'Gure bazterrak'
Idazle ezagunen poesiak bihurtu dituzte kantu Baldi-n. Alexis Etxekopar Attuli, Itxaro Borda, Leire Bilbao, Karlos Linazasoro, Kirmen Uribe eta Bernardo Atxagaren hitzak dituzte Zeberiok eta Oihenartek eskuz esku sortu dituzten abestiek, baina bakoitza modu batera iritsi dela azaldu dute.
Atxagaren poema, esate baterako, www.armiarma.com atarian aurkitu zuten Zeberiok eta Oihenartek, nork bere aldetik, eta biek ikusi zuten Bizitzak izenburuko olerki hura abesti ere bazela. Testuak nolabaiteko musika zuela, alegia. Leire Bilbaoren Gereziondoak loretan kantuak erbestea du ardatz nagusi. Eta Itxaro Bordak kantu bi idatzi ditu: sehaska kanta bat da bata (Ninano) eta bizitzan gertatutakoei buruz Oihenartekin batera ondurikoa bestea (Haur ginenian bezala). Kirmen Uriberen Nire ispilua maitasunari buruzko abesti bat da.
Karlos Linazasorok Kaiola idatzi du. Mikel Laboaren Txoria txori-ri keinu egiten dio horrek. Ez da Baldi-k Laboari egiten dion erreferentzia bakarra; izan ere, Gure bazterrak-en bertsio bat egin du bikoteak. Bada Oihenartek berak idatzitako kantu bat ere, doinu eta hitz: Hitz bat.
Emanaldirik egitekotan, udazkenetik aurrera egingo dituzte. Egoera zail dagoela dio Zeberiok, ironia handiz. «Baina ba al da zuzenekorik? Ba al da musikarik? Inoiz ez dira garai onak izan lirikarako, baina oraingoak are okerragoak dira. Diskoa atera dugu eta ez da gutxi».
Donostiako Elkar estudioan grabatu dute diskoa. Baldi Oihenarten eta Zuberoaren tankerakoa dela dio Zeberiok. «Lasaia, presarik gabea».