Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > albisteak
> albisteak

Des-kontrolen zuzenekoa gaur

Arrasaten egitekoa den elkartasun jaialdian diskoa grabatuko du taldeak gaur zuzenean, gero DVDa ateratzeko

Erredakzioa.

Arrasateko Des-kontrol taldeak zuzeneko diskoa grabatuko du gaur, euren herriko Monterron parkean egingo den jaialdian. Grabaketarekin DVD bat argitaratzeko asmoa dute. Musikarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik arazoak izan ditu taldeak azken urtean, eraso fisiko bat barne.

Kontzertuaren soinu eta irudiak grabatuko dituzte, eta, horretarako, hainbat musikariren laguntza izango dute oholtzan: hala nola RIP, Puñetazo, Zakarrak eta Iskanbila taldekoak. Elkartasun Kontzertuan Frontkick, Arkada Social eta The Fridays Crew taldeek ere hartuko dute parte.

Des-kontrol taldeko kideak jipoitu egin zituzten urtarrilean 50 bat lagunek, Barakaldon kontzertua ematekoak zirenean (Bizkaia). «Erasoa oso ondo prestatutakoa» izan zela salatu zuten musikariek, eta Athleticeko Herri Norteko «jarraitzaile talde txiki» bat jo zuten taldeko kideek erasoaren erantzuletzat. Faxistak izatearen salaketei erantzuteko eta erasoak salatzeko, Hipokrisia eta faxismoaren aurka diskoa kaleratu zuten 2008an. Hainbat musikarik -Fermin Muguruza, Gari, Kuraiako Fernando eta El Drogas (Barricada), besteak beste-, Xabier Silveira bertsolariak, Porrotx pailazoak eta Realeko zein Athleticeko zenbait jokalarik parte hartu zuten diskoan.

ELKARTASUN KONTZERTUA

Noiz. Gaur, 22:00etan. Non. Monterron parkean.