Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > albisteak
> albisteak

Txoriei kantari

Txoriak aipatzen dituzten euskal kantuak aurkeztu ditu Maddi Oihenart kantariak, Jeremy Garat biolontxelo jotzailearekin

Txorien babesteko beharraz ohartzea izan da gaualdiaren helburuetako bat

Nora Arbelbide.

Behorlegi

Topiko bat izan daiteke. Baina errealitate bat ere bada. Txoriek betidanik inspiratu dituzte kantu, bertso edo poemen hitzak eta doinuak.

Eta behingoan, bada, horretaz ohartzea eta bide batez txoriek nolazpait eskertzea izan da Bizi Diren Pirinioen Aldeko Elkartearen ideia. Txoriak hobeki ezagutuz, hobeki babesten jakinen delakoan. Bereziki Ugatza hezurjalea. Izan ere, hegazti horren lau bikote baizik ez baitira gelditzen Euskal Herriko mendietan. Europako hegazti mehatxatuenetako bat da. Hiru aste iraun duen udaldi bat antolatu du elkarteak hegaldi horren hobeki ezagutzeko, hainbat hitzordu proposatuz, eta horietako bat kantuari eskainia, herenegun Behorlegin iragan zena (Baxenabarre).

Horretarako leku egokia pentsatua zuten. Non, eta txoriak aske bizi diren leku horietako batean. Behorlegi Garaziko herri bat da, 75 bat biztanle dituena. Iratiko bidean da, baina menditto batek gordetzen duenez, anitzek ohartu gabean uzten dute beren bazterrean. Alta, elegantzia handiko herri horrek badu indar. Bazekiten nora etortzen ziren gaualdia antolatu dutenek. Beren belarrietara iritsia zen baita hor badagoela kapera bat, erabilia izatea baizik ez duena galdegiten. Berez, haurren gerizatzeko dohaina ba omen du Behorlegiko Santa Grazi izeneko kapera horrek. Haurrek ibiltzen edo mintzatzen ikas dezaten, besteak beste, haurrak bertara ekartzea da ohitura. Gainera, kaperak babazuzaz ere babesten omen du. Hala dio kapera eraikiarazi zuen gizonaren ilobak. Hark 84 urte ditu, eta segurtatzen du kapera eraiki zenetik babazuzarik ez omen duela gehiago botatzen. Istorio-mistorio, kapera egin aitzin harri meta bat ere bazegoen hor, iduriz. Beraz, pentsatzen da aitzinagotik bazegoela zerbait hor.

Eta kapera biziarazteko, nor ekarri, ez bada Maddi Oihenart. Maddi Oihenart txoriei mintzo, izenburu horrek badu nor erakarri. Juantxo Zeberiorekin atera berri duen Baldi diskoaren oihartzun entzun ahal izan ziren. Hala, beraz, errana eta egina. Behorlegi tuturru mendiaren magaleko magia iritsi da, magia ikusi nahi izan duenari. Gidari, Maddi Oihenart kantari eta Jeremy Garat biolontxeloan. Kantuen artean zenbait esplikazio ekarri zituen herenegun Oihenartek.

Gaualdia hasteko, Belatxa kantua hautatu zuen Oihenartek. Kantu berezia, eta garrantzitsua, bai euskal kantagintzan oro har, baita, Oihenarten ibilbide pertsonalean ere. Belatxa bezala, badira beste hiruzpalau melodia artzainek mendira joaten zirelarik iluntzean asmatzen zituzten doinuak direnak, basa ahaideak edo aireak izendatzen direnak: «Batzuek erraten dute basa ahaide horiek txorien hegalaldiarekin lotura bat egiten zutela, dantza moduan. Nik ez dut inoiz hori ikusi eta entzun ere ohiko jende horiengandik, baina errana izan zait», Oihenartek zehaztu zuenez.

Txoria, amodio galdua

Basa ahaide horiek «ireki» zioten Oihenarti bere kantatzeko manera, kantuaren munduan sartzen ari zelarik. Ate bat bezala, hortik sartzea erabaki zuen: «Basa ahaideetan, bada oinarrian melodia bat, baina gero, melodia horrekin beti ibiltzen ahal zara, jostatzen bezala. Beti asmatzen ahal duzu kantua, beste gune batetara emateko gisan. Eta azkenean hor ohartu nintzen kantua ere horrela egiten dela. Kantu zaharrak dira, baina beti berritzen ahal dira». Beste basa ahaide ezagun bat bada, Behorlegin eman zutena, Arranoa izenekoa. Melodia bat izan zen luzaz, baina norbaitek hitzak jarri zizkion. Egun batez Larrainera (Zuberoa) joan zen Oihenart gizon zahar baten ikustera eta hark kontatu zion hitz horien istorioa: «Larraineko gizon baten etxaldeak bide txarra hartu zuen, denbora guztia neska batekin pasatzen zuelako. Etxaldea salgai ezarri eta ihesi joan zen Iratiko oihanera. Hartz handi bat jin omen zitzaion, lepo eta begi lodikoa. Hartza hori ez zen egiazkoa, haatik; jendarmeak ziren. Bere xerka jin zitzaizkion presondegira eramateko».

Kantu bakoitzari esker, aldi bakoitz, mundu bat du eskaintzen Oihenartek. Kantu zaharrak gehienek txoria, amodio galdu, bete ezina edo gisa bereko gaien sinbolo gisa erabiltzen dute. Gehienetan ikuspegi tristatu batetik aurkeztua: «Gutara heldu diren gauzak horiek dira. Beste gauzak izaten ahal ziren. Baina gero, irauten duten kantuak, ene ustez, kantu ederrak izan behar dute, ahaide eta hitzetan. Eta ederrak gehienetan kantu tristeak dira. Zergatik kantu tristeak gehiago maite ditugun? Hori ez dakit».

Askatasun irudia

Kantatu zuen baita Alexis Etxekopar Attuli-ren Bortü Txoria ere, zeinek menditik hiriko karrikako bakartasunera bizitzera doazenez mintzo den. Gaztetasunak bainerabila kantuan agertzen den ainara ere sartu zuen zerrendan baita Mikel Laboak ezagun bilakarazi Xoxo beltza, txoria doluminaren sinbolo. Kantu berriagoak ere eman zituen. Bata Itxaro Bordarena, Papo gorrien kanta ederra, eta bestea Leire Bilbaorena: «Txorien bidez, azkenean jendea da aipatzen. Gure euskal jendarteaz ari gara», laburbildu zuen bezala Oihenartek. Kantu berriagoetan, txoriak bereziki askatasuna du irudikatzen.

Kantu bakoitz, Garaten biolontxeloaren musika erantzun moduan heldu zitzaion Oihenarten kantuari: «Musikak ekartzen du babes bat. Ingurumen bat sortzen du. Badaki nola ibili, eztiki- eztiki, hurbil-hurbila, lekua hartu gabe. Alderantziz, irekiz. Eta hori da oso aberatsa». Bikotea elkarrekin aritzeko usaia hartzen ari da azkar. Zenbait sorkuntza ere baditu. Itxaro Bordarekin Bilbora joanen dira Udako Euskal Unibertsitatearen kari olerkariaren poemen kantatzera, uztailaren 14an.