Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > albisteak
> albisteak

Rockak ez du xarma galdu

Rockaren eta hitz intimisten arteko fusioak osatzen du Xarma taldearen 'Amarauna' diskoa

Kepa Matxain.

Donostia

Xarma taldearen lehen lanean rock ireki batean eginiko 12 abesti aurkituko ditu entzuleak. Batzuk gertuago daude metaletik, besteek pop ukituren bat dute, baina diskoak badu osotasuna. Jon Kirru Iparragirre (gitarra eta ahotsa), Itsaso Gutierrez (gitarra eta ahotsa), Christian Martin (baxua eta koruak) eta Joshua Froufe (bateria) dira taldeko kideak.

Autoekoizpena da diskoa, eta Bonberenean grabatu dute Karlos Osinaga, Txap-en aginduetara. Oso esperientzia ona izan dela azpimarratu du Iparragirrek: «Aspalditik entzuten ditugu Karlosek grabatutako diskoak, eta oso ondo moldatu gara berarekin. Gauzak egiteko beste era batzuk badaudela irakatsi digu».

Hitz guztiak, lehen pertsonan

Sentimenduetatik abiatuta sortu dituzte hitzak, eta ikuspuntu intimista batetik idatzita daude, neurri batean. Intimismo horrek, ordea, ez die eragotzi beste gai batzuk jorratzea: etorkinen arazoak, dependentzia, gatazka politikoa, tortura eta beste hainbat gairen inguruan kantatzen dute.

Lehen kantuak ematen dio izena diskoari. Euskal gatazka dute mintzagai, eta salatzen dute gizarte osoa «amaraun batean sartuta» dagoela, bakoitzak «bere arazoak soilik» ikusten dituela.

Era berean, diskoarentzat izenburu egokia dela uste du abeslariak: «Gisa guztietako amaraunak aurkitu daitezke gizartean, baita geure buruetan ere. Kezkatzen gaituenaz idatzi dugu oro har, eta lana laburbiltzeko izen egokia dela iruditu zaigu».

Taldearen izena «ñoñoa» dela esan izan diete, baina ez diote aparteko garrantzirik ematen: «Izen nabarmenagoko taldeak izan dira Euskal Herrian», aipatu du Iparragirrek.

Hiru urteko lanaren fruitua

2007. urtearen amaiera aldera izan zuten taldea sortzeko ideia. Taldeko bi kide (Iparragirre eta Gutierrez) Keiken ari ziren orduan, eta proiektu hura azkenetan zegoela ikusita, Xarma sortu zuten.

2008an guztiz osatu zen taldea, eta behin Ondarroako Santos estudioetan maketa grabatuta, Bilbovision lehiaketara aurkeztu eta hirugarren saria eskuratu zuten. Ondoren, kontzertuak emateari ekin zioten, eta Euskal Herrian hasitako birari Alemanian eman zioten amaiera.

Musikalki Keikeren antzekotasuna badute ere, ahotsa da bi taldeen arteko desberdintasunik handiena: Keiken, Nerea Sanchezen ahotsak ukitu berezia ematen zion taldeari; Xarman, berriz, Iparragirre da ahots nagusia, eta abesti rockeroagoak egiten dituzte, metaletik urrunduta. Dena den, Keikek bakarrik ez, DUT, Berri Txarrak eta PiLT euskal taldeek ere utzi diete beren arrastoa.

Xarmak lasai hartuko du uda, eta udazkenetik aurrera hasiko dira zuzenekoak eskaintzen.