Lehen diskoak grabatzeko behin-behineko estudio bat apailatu zuen Urnietan (Gipuzkoa), Salestarren ikastetxeko antzokian, Bartzelonan alokatutako tresneria erabiliz. Hamar eguneko epean, Ez Dok Amairuko kantari askok grabatu zuten han (Xabier Lete, Benito Lertxundi, Julen Lekuona, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Oskarbi, Artze anaiak...). Urte batzuk igaro ziren estudio propio bat izateko asmoa gauzatu arte. Horretan, funtsezkoa izan zen Paco Miangolarra Venezuelatik etorritako euskal jatorriko negoziogizonaren laguntza. Hark jarritako diruarekin, Donostiako Gros auzoan erositako etxe batean jarri zuten grabazio estudioa, Miangolarrak berak erositako tresneriaz hornituta. Euskal Herriko lehen grabazio estudioa izan zen, eta bertako soinu teknikari lanetan Herri Gogoaren bultzatzaileetako bat hasi zen, Iñaki Beobide.
Haatik, Espainiako zentsurak ukatu egin baitzion Herri Gogoari diskoak argitaratzeko baimena, lehen urteetan Kataluniako Edigsa argitaldariaren bidez kaleratu zituen diskoak, Edigsa-HG zigiluarekin. 1971n, kideen arteko zenbait ezadostasun zirela medio, Ez Dok Amairu banandu egin zen, eta horrek zatiketa eragin zuen Herri Gogoan. Jose Angel Irigarai idazleak Artezi sortu zuen, baina, hala ere, Herri Gogoaren ekoizpena zabaldu egin zen 70eko hamarkadan. Kantagintzako diskoak kaleratzeaz gain (Antton Valverde, Txomin Artola, Haizea, Lupe, Mikel Laboa, Euskaros, Xabier Saldias...), Herrikoi-Musika Sorta saila sortu zuen herri eta eskualdeetako kantu zaharrak berreskuratzeko, bertsolaritzari lekua egin zion (Mattin, Xalbador, Kepa Enbeita...), euskal musika klasikoari (Aita Donostia, Maurice Ravel...) eta organo musikari sail bat eskaini zion (Joaquin Pildain, Valverde Casas...), haurrentzako ipuinen grabazioak argitaratu zituen, eta gazteei begira herri musikaren moldaketa modernoekin osatutako Akelarre izeneko disko sorta kaleratu zuen.
Herri Gogoaren jardunak 80ko hamarkadara arte iraun zuen. Guztira, berrehundik gora disko kaleratu zituen.
Testua: Jon Eskisabel